HIZKUNTZEN PORTFOLIO EUROPARRAREN ESPERIMENTAZIOAZ

2005-2006 ikasturtean abiarazi zen gure Autonomia Erkidegoan Hizkuntzen Portfolio Europarraren esperimentazioa. Hasieran ikastetxe gutxik hartu zuten parte, lauk baino ez, eta inplikatutako irakasleak ere ez ziren askoz gehiago izan. Apaltxoa, bai, hasiera hura! Hala ere, astiro eta zuhurtziaz jokatzea hobe zela eta, poltsan, Europako Erreferentzia Markoa eta portfolio aleak sartu eta ‘berri ona predikatzera’ joaten ginen Teresa Ruiz eta biok, ‘ahizpa mormoiak’, geure buruari esaten genion moduan. Izan ere, gure piura ikusita halakoxeak ginen, bikotea, antzekoak itxuraz eta berdintsu jokabidez, irribarretsu eta gogotsu, portfolioak gogoetarako eta auto-erregulaziorako tresna gisa dituen aukeretan erabat sinetsirik, harako eta besterako ibiltze hartan, ikastetxeetara, prestakuntza saioetara … Alkandora zuriak baino ez zitzaizkigun falta!

2009-2010 ikasturtea. Hizkuntzen Portfolio Europarra  esperimentatzen ari diren ikastetxeak

Esperimentazioa aurrera joan ahala ikastetxe gehiago sartu dira proiektuan, eta badira, baita, esperimentatu ondoren atera direnak ere. Ikastetxeen parte hartzeari dagokionez,  07-08 ikasturtea izan da emankorrena. Egun, 2009-2010 ikasturtean, hamar ikastetxe daude proiektuan. Horietako batzuk, beteranoak, San Viator eta Lemoiz, kasu; beste batzuk, berriz, sartu berriak, hala nola,  Calasancio ikastetxea.

Zer esan portfolioaren esperimentazioaz eta gune honetako beste artikulugileek portfolioaz esan ez dutenik? Ziur asko, portfolioaren inguruan gehiena esanda dago; hala ere, esperimentazioaren zenbait ondorio azpimarratu nahi ditut:

 

1. Auto-ebaluaziorako eta gogoetarako tresna hau hizkuntzak ikasteko eta irakasteko metodologia jakin baten isla da, ikuspegi komunikatiboarena, hain zuzen ere. Portfolioa ez da hizkuntza irakasleon kezkak erabat arinduko dituen ‘pilula magikoa’¬izango ahal dugu inoiz horrelakorik!¬, baizik eta Portfolioaren atzean dagoen metodologia-aldaketa izan daiteke hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntzen gaitz askoren sendabidea.

 

2. Portfolioak aukera ezin hobea ematen du ikastetxeko hizkuntzek, partekatutako irizpideetatik abiatuta, hizkuntzak ikasi eta irakasteko metodologia aldatu eta proposamen bateratuak egiteko. Beraz, irakasleak lankidetzan aritzeko, elkarrekin hitz egiteko, metodologiaz hausnartzeko, irizpideak partekatzeko tresna ere bada.

 

3. Materialari dagokionez, eskuragarri dago sarean eta erraz deskargatu daiteke. Ez da, beraz, arazoa proiektua abiarazteko. Karpeta ‘ofizialak’ esperimentazioari pisua eta izaera emateko baliagarriak badira ere, trebatu ahala, DBHn, batez ere, ikastetxe batzuek beren moldaketak eta egokitzapenak egin dituzte (blogak erabiliz ikasleen ekoizpenak biltzeko eta erakusteko, pasaportea on-line betez…) eta karpetak aldatu, edota zenbaitetan, baztertu egin dituzte. Portfolio elektronikoa ere laster abiaraziko da (hamalau urtetik gorakoentzat).

 

Bigarren hezkuntzako portfolioa. Ahozko  adierazpena eta idazmena.

4. Portfolioak aldarrikatzen duen ikuspegi metodologikoaren arabera, ikasleek komunikazio helburu zehatz bat duten egoerei erantzuteko entzun, hitz egin, irakurri, solasean aritu eta idatzi egingo dute eta ahozko eta idatzizko testuak ekoitzi: jendaurreko azalpenak, txostenak, debateak, irakurketen bideo-audio grabazioak… hizkuntzaren erabileraren gaineko hausnarketa egiten dutelarik. Beraz, hizkuntza erabili egin behar dute, egiten ikasi behar dute. Egiten duten hori jasotzen du portfolioak eta egin duten horren inguruko gogoeta bultzatzen du: Zer ikasi dut egiten? Zer falta zait egiten jakiteko? Zer egitea gustatuko litzaidake?  Lorpenak eta helburuak zehazten laguntzen du. Beraz, auto-erregulatzen eta hizkuntza gaitasun maila zehazten laguntzen die ikasleei.

EAEko esperimentazioan egin diren zenbait proposamen didaktiko, gelarako materialak, ikasleen ekoizpenen eredu batzuk eta irakasleek egindako hausnarketak ikusgai daude, adibide gisa, ondoko gune honetan: http://sites.google.com/site/portfolioaekoizpenak/

Maribi Apraiz

Euskara arloko kolaboratzailea. Berritzegune Nagusia

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s