Klik eta mintza

Getxo Linguaek 10 urte beteko ditu aurten. Ez da nolanahiko erronka, urtez urte, maila honetako jardunaldi batzuei eustea. Gertutik ezagutzen ditut -hainbat urtetan, Getxo linguae 2007 eta 2008n, bertan parte hartzeko ohorea izan dudalako- antolatzaileen ahaleginak programa, hizlariak, edukiak zein antolaketa hobetze aldera. Horrexegatik, zorionak eman nahi dizkizuet Getxo Linguae osatzen duzuen familia osoari eta, bide batez, baita eskerrak ere, duela urte batzuetatik familia horren kide sentiarazteagatik.

Gatozen, baina, harira. Blog honetan esku hartzeko gonbidapena jaso nuenean aipatutako urteurrenaren aitzakian, ikasleen ahozko jardunaren inguruko praktika batez aritzea otu zitzaidan, ahozko jarduna eta teknologia berriak uztartzen dituena. Jendaurrean hitz egitea ez da ikasle askorentzat atsegin handikoa; izan ere,  bakar batzuk blokeatzera iristeaz gain, gehientsuenak oso urduri jartzen dira. Edonola ere, nire ustez, eskolan landu beharreko ezinbesteko gaitasuna da. Bizitza honetan askotan suertatuko zaie gure ikasleei jendaurrean hitz egin behar izatea; beraz, zenbat eta lehenago hasi, orduan eta hobeto.

Praktika honen abiapuntua webquest bat da, Klik eta mintza delakoa. Bertan lanketa osoan zehar jarraitu beharreko urrats guztiak zehaztu, behar dituzten esteka guztiak eman eta balorazioa nolakoa izango den finkatzen da. Honako hauek dira gure helburuak:

  • Ahozko diskurtso koherente eta zuzen bat sortu.
  • Ideiak ahoz arrazoitu eta aurkeztu.
  • Ahozko azalpen bat ondo egituratu.
  • Ideia nagusiak eta osagarriak bereizi.
  • Antolatzaile egokiak erabili.
  • Ahozko azalpena hobetzeko hainbat baliabide erabili.
  • Modu kritikoan entzuten ikasi.

Prozesu osoaren amaieran, ikasle bakoitzak 4 minutuz ondo egituratutako azalpen bat eman behar du gela osoaren aurrean, horretarako prestatutako eskema baten laguntza bakarraz. Ikasle batek hitz egiten duen bitartean, beste guztiek adi egon behar dute. Azalpena amaitu ondoren, beste ikasle guztiek –txantiloi bat erabiliz- ahozkoa egin duenaren balorazioa egingo dute.

Hori horrela izanik ere, gelaurreko azalpen hori ez da lanketaren helburu bakarra; izan ere, aurrekoa bezain garrantzitsua da ikasleek prozesu osoan zehar hobetzeko aukera izatea. Horregatik, jendaurreko azalpen horretara iritsi baino lehen treba daitezen eta beldurrak nahiz lotsak uxa ditzaten, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukera apartez baliatzen gara. Kasu honetan, ahozko mezuak edo podcastak grabatzeko aukera ematen duten guneak erabiltzen ditugu.  Duela 5 urtetik -lanketari ekin nion unetik-  gaur egunera arte,  dohain topa daitezkeen hainbat zerbitzu erabili izan ditugu gure ahozko grabazioetarako (Podomatic, Snapvine…) eta, egun, Podomaticera itzultzekotan gara. Zein da prozedura? Ikasle bakoitzak aipatutako gunean bere txokoa sortzen du eta, gutxienez, 4 mezu grabatzen ditu (minutu bateko mezuekin hasi eta 4 minutura arte). Horietako mezu bakoitzak aurretik aipatutako prozedura jakin bati jarraitu behar dio (sarrera, garapena, hitz-uztea, eskema…). Zergatik Podomatic? Podcastak sorzeko gune eta modu dezente badaude ere (odeoGcast, ClickCastergabcast…), denek ez dute blog bat eskaintzen eta horixe izan zen hautaketaren arrazoia. Bakoitzak bere txokoa izateak grabazio guztiak gune bakar batean biltzeko aukera ematen die. Gainera, eskatutako grabazioez gain, horren gustuko dituzten bideo, musika, eta abarrak sar ditzakete.

Aurreko hariari jarraiki, euren guneetan grabatutako mezuak zein jendaurreko azken ahozko jarduna aldez aurretik ezagutzen duten txantiloi baten bitartez neurtzen dira.

Lanketaren indarguneak:

  • Mezu eta eskema ugari prestatzea. Nire ustez, lanketa honen bitartez, ondo barneratzen dira ahozko jardun antolatu batean jarraitu beharreko urratsak. Aurrerantzean, antzeko egoeraren bat suertatzen bazaie, oso baliagarria gertatuko zaie ikasitakoa.
  • Ikasleen jarrera lanketa osoan zehar. Ikasleek ez dituzte mezuak bat-batean grabatzen. Mezu bakoitzaren atzean dagoen lana garbi ikusten da grabazioak entzutean (ideien mailaketa, antolaketa…).
  • Ikasleen arteko harremana estutzen da. Zalantzarik ez dago tresna hauek komunikazioa areagotzeko balio dutela, harremanak estutzeko. Adibide bat ipintzearren, ikasle batzuek besteen guneetan zorion mezuak uztea ohiko bihurtzen da.
  • Jendaurreko azalpenen balorazioetan irakasle eta ikasleen arteko adostasuna. Denok baloratzen ditugu ikasle guztien 4 minutuko mintzaldiak, nahiz eta jakin badakiten nire balorazioak pisu handiagoa duela. Esan beharra dago, oro har, nik ondo baloratutako ikasleak haiek ere ondo baloratzen dituztela eta nik okerrago baloratutakoak, haiek ere bai. Nire ustez, ikasleak aintzat hartzen direnean, ederki asko jakiten dute euren erantzukizunei aurre egiten.

Ondorioak:

  • Argi dago teknologia berriak ez direla ezinbestekoak ahozkotasuna lantzeko orduan, baina hori bezain begi bistakoa da aukera erakargarri bezain erabilgarriak eskain diezazkiguketela.
  • Bestalde, ahozkotasuna modu antolatu batean eta edozein arlotan txiki-txikitatik jorratzea ezinbestekoa dela iruditzen zait. Mota honetako gaitasunen lanketa hizkuntza irakasleen esku uzten badugu, ezer gutxi lortuko dugu. Hori gerta ez dadin, haurrak idazten edo hitz egiten hasten diren momentutik irakasle edota guraso guztiok, ahal dugun neurrian, hizkuntza irakasle bihurtu beharko genuke; azken batean, hizkuntza da alor guztietan ezinbestekoa den bitarteko tresna.

Adibide gisa, ikasle baten txokoa uzten dizuet:

Maite Goñi
Jakintza Ikastola (Ordizia)
euskaljakintza

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s